Paper-zorro hau nire ikasketa prozesuaren isla izango da.
Alde batetik, esan nahi nuke saiatuko naizela Didaktika alorretik gehiegi ez
aldentzen, izan ere, gaiaz desbideratzeko joera izan dut beti. Bestetik,
eskertuko nituzke zuen iruzkinak iritzi desberdinekin eta gehigarriekin, ikasteko
prozesu honetan oso erabilgarriak izango zaizkidalako. Batez ere, jendearekin
debatitzeak, bakoitzak, bizitzan zehar izan dituen bizipenen arabera, ikaste
desberdinak izan dituenez eta uste desberdinak eraiki dituenez, uste berri eta
helduagoak sortzeko aukera ematen duelako.
Hainbat adituk
diote ikastea oreka egoeratik desoreka egoerara igaro eta oreka berreskuratzen
denean ematen dela. Horregatik, Bloggeko atal honetan, gutxinaka Didaktikako
saioetan sortzen zaizkidan desorekak gainditzen saiatuko naiz.
Hasteko,
zalantza bat argitu nahiko nuke: zer da Didaktika? Hezkuntza hobetzeko
metodologia eta teknikak bilatzen dituen eta hauek nola aplikatu behar diren
azaltzen duen Pedagogiaren zatia da. Hezkuntzaren zientzia honek, ikas-irakas
prozesua aztertzeaz gain, bertan parte hartzen du heziketa intelektuala lortze
aldera. Didaktikan parte hartzen duten elementuak hauek dira: irakaslea,
ikaslea, ikastearen textuingurua, edukiak eta curruculuma.
Didaktika ez
da hezkuntza formalean amaitzen, izan ere, edonon eta une oro ikasteko aukera
dago. Pagina principalean azaldu dudan bezala, hiru hezkuntza eremu bereizten dira: formala, ez formala eta formarik gabea. Gizakiok, izaki soziala
garenez, bizitzako egoera eta bizipenetatik gauza berriak ikasten ditugu eta
formarik gabeko hezkuntza ematen da. Baina, planifikatuta dagoen hezkuntza
jasotzea ere garrantzitsua da, era naturalean gauza asko ikastea denbora
gehiegi emango zuelako; generazio berriok helduarora gizakiak mendez mende lortu duen
ezagutzara iristsi behar gara, kultura eta ezagutzak ez direlako behin eta
berriro zerotik hasten.
Aurretik azaldu da Curriculum hitza... Zer
da? Hezkuntzan curriculuma ikaskuntza-prozesu bat osatzen duten
helburu, gaitasun, metodo eta ebaluazioen multzoa da. Hezkuntzaren antolaketaren funtsa da
eta, beraz, kontzeptu konplexua da, besteak beste, gizartearekiko loturak,
pedagogia-sistemaren ezaugarriak eta hezkuntzaren praktika eta bilakaera bera
islatzen ditu. Bi curriculum mota daude: agerikoa eta ezkutua. Agerikoa
ofiziala da, idatzi batean datorrena. Ezkutua, aldiz, ez dago inon zehaztua eta
ondorioz, honen arabera ikasleei transmititzen zaizkien edukiak ez dira
aurretik finkatutakoak izaten, eta askotan, eduki horien irakaskuntza era
inkontzientean ematen da.
Baina kontu handiarekin ibili behar da
ikasleei era inkontzientean transmititzen zaizkien gauzekin, hau da, ahal den
neurrian, irakasleak neutroa izan behar du, edo neutroa izatea zaila iruditzen zaidanez, gutxienez objektiboa izan behar duela uste dut. Izan ere, gizartean bizi gara eta
bertako kide guztiok ez dugu berdin pentsatzen.
Hala ere, erantzuten oso zaila egiten zaidan zalantza bat daukat:
irakasleak neutralak edo objetiboak izanik, aurrerapenak emango dira
gizartean? Galdera honi erantzuteko prest ez nagoela eta denbora luze batean
ere ez naizela egongo uste dut. Izan ere, noizbait erantzuna aurkitzekotan,
esperientziari esker izango dela esango nuke.
Honekin
loturik, zein balio transmititzen dira eskolan? Zeintzuk transmititu beharko
lirateke?
Uste dut, balio unibertsalak transmititzen direla
(errespetua, askatasuna, berdintasuna, egia, maitasuna, adiskidetasuna,
solidaritatea, zuhurtasuna,...). Horien transmisioa ezinbestekoa dela uste dut,
baina non geratzen dira homosexualitatea, kulturartekotasuna, HIESa edo
erlijioa bezalako gaiak? Gai horien inguruan objetibotasunez hitz egin
behar dela ikasi dut. Hau da, irakasleek ikasgelan hauen inguruan hitz egin
dezakete, baina ikuspegi desberdinak eskainiz ikasleei eta iritzi pertsonalik
eman gabe. Era honetan, ikasleek beren iritzia aukeratzeko eta eratzeko aukera izango dute.
Gaiaz aldatuz, pagina principaleko sarrera batean sortu zaidan zalantza bati erantzuten saiatuko naiz: nolakoa izan beharko luke gaur egungo hezkuntza sistema? Beste gauza askoren artean, uste dut haurrak motibatuagoak joan beharko liratekeela eskolara eta bertan ez liratekeela aspertu behar. "Redes"eko bideo batean esaten den bezala, egungo gizartean ikasleek informazioa interneten eskura dute. Ondorioz, nire iritziz, haurrei sormena erabiltzen eta beren elementua (pertsona batek oso gustukoa duen eta ondo ematen zaion jarduera) aurkitzen lagundu behar die hezkuntzak. Izan ere, izaki kritiko eta autonomoak heztea izan beharko litzateke gure helburua.
Horrez gain, harrigarria iruditzen zait gaur egun hain zabalduak diren interneta, ordenagailuak, arbela elektronikoak eta horrelako baliabideak eskola guztietan ez egotea. Imaginatzen dut gastu ekonomiko handia suposatzen dutelako ematen dela egoera hau, baina niri, ezinbestekoak iruditzen zaizkit. Izan ere, uste dut baliabide falta hori dela gaur egungo hezkuntza anakronikoa egiten duen ezaugarrietako bat.
Paper-zorroaren amaierara iristen ari gara, eta ikasketa prozesu hau niretzako heltze prozesua ere izan dela esango nuke. "Printzesa ipuinetik" geroz eta hurrunago nago
eta errealitatetik hurbilago.
Ez dut blogeko atal hau bukatu nahi esan gabe programazioa eta unitate didaktikoa egin izanaz pozten naizela, izan ere, oso zaila iruditu zaidan arren, azkenean irakasleek gelatik kanpo zenbat gauza prestatu behar dituen konturatu naizelako eta nola egin behar den ikasi dudalako. Horrez gain, gu ikasle bezela jarduera bakoitzaren atzean zenbat helburu dauden konturatzen ez ginela jakin dut, eta oso garrantzitsua dela horiek aurretik finkaturik egotea.
Ez dut blogeko atal hau bukatu nahi esan gabe programazioa eta unitate didaktikoa egin izanaz pozten naizela, izan ere, oso zaila iruditu zaidan arren, azkenean irakasleek gelatik kanpo zenbat gauza prestatu behar dituen konturatu naizelako eta nola egin behar den ikasi dudalako. Horrez gain, gu ikasle bezela jarduera bakoitzaren atzean zenbat helburu dauden konturatzen ez ginela jakin dut, eta oso garrantzitsua dela horiek aurretik finkaturik egotea.
Didaktika orokorra lau hilabetez eman ondoren eta amaitzear dagoela, gauza desberdinak ikasi ditudala, baina oraindik asko ikasteko geratzen zaidala uste dut. René Descartes filosofo frantziarrak zioen bezala "Lo poco que he aprendido carece de valor, comparado con lo que ignoro y no desespero en aprender." Beraz, paper-zorro hau amaitutzat eman behar dudan arren, hasieran aipatutako ikaste-prozesua amaierarik ez duela argi daukat eta honen benetako isla etorkizunean praktikan ikusiko dela espero dut.
Este comentario ha sido eliminado por el autor.
ResponderEliminarKaixo Natalia! Ondo hasi zara, baina ohar bat, egiten dituzun galderak erantzun edo saiatu, agian kurtso bukaerarako, aurrekoan klasean komentatu genuen bezala. Animo!!
ResponderEliminar